2008an landatu zituen Luis Jabierrek etxe inguruko lur maldatsuetan lehen mahats zuhaitzak. Urtetik urtera zuhaitzak handituz doazen heinean gorantz doakio urteko ekoizpena ere.
Urkizahar txakolin ekologikoa mikro mahasti kontzeptuan oinarritzen da. Gipuzkoako mendi nekazaritza berpiztu eta ekosistemarekin konpromiso etiko bat berreskuratu eta sustatzeko. 2,5 ha-ko azalera du bere mahastiak, 350m eta 450m tarteko altueran eta bi sailetan banaturik, hego aldera begira eta Ibai-ederreko urtegiaren gainean, Beizamako udalerrian. Getariako Txakolina Jatorri Izendapeneko mahastirik altuena da.
Txakolina egiteko Hondarrabi Zuri barietatea lantzen du eta mahats-mordoak kontu handiz aukeratzen dira, kaltetutako aleak saihesteko. Teknika tradizionalak erabilita egiten da txakolina, tresneria modernoarekin, higienea zainduta eta produktu ekologikoen premisak errespetatuta.
Txakolinaren ezaugarriak:
Bistara txakolin hau nota berdedun altzairu tonu distiratsua duelako nabarmentzen da (Hondarrabi Zuri barietatearen ezaugarriak). Bere karboniko naturala nabarmentzen da, burbuila erabat finak egiten dituena, txakolina oso erakargarri bihurtuz. Sudurrean fruitu aroma du, sagarraren moduko fruta zuria gogorarazten duena, eta baita freskotasuna eta bizitasuna ematen duten zitrikoak ere. Intentsitate handiko txakolina da. Ahoan, berriz, txinparta natural freskagarria eta fina du, aho osoan bere aromak zabaltzen dituena. Hondarrabi Zuri barietatearen ohiko garraztasuna eta mingostasun arina ditu. Aho zapore atsegina uzten du, denbora luzez. Oso dotorea.
URKIZAHAR txakolin ekologikoa from Luisja on Vimeo.